XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nolaz galdu da, jakintsunagoak izan behar zuten idazletan, zuzentasun horren axola?

Horra iduriz zergatik Etxepare 'ta bertzeak hutsean diren.

Eta Oihenarten lanaren zuzentasuna, alde horietarik, bethegina agertzen da, eta nahi den bezain eztabadagarria bada ere euskal akzentoaz diona orokorki eta euskalki batetik bertzera (problème très ardu...dans nos chansons...on agit comme si toutes les syllabes s'équivalaient, dio Lafittek, op. cit. orr, 204; bainan ez ote da hau aire zaharren neurkadarekin batean aztertu behar? baditugu ikasleak, orai, gai huni lotzen ari direnak bere tesietan, artetik aipatzeko).

Badira ere lanak lehenago edo orai agertuak, bai Etxepareren huts edo bederen ezberdintasunetaz, eta Oihenarten erregulartasunaz, hemen berriz xehetasunetan sartze beharrik ez izaiteko.

2. Neurtitzaren luzetasunean, Oihenartek eztu aipatu Etxeparek erabili duen hamabortzeko neurtitz luzea baizik, ikusi den bezala.

Egia da Garaztarraren olerkia gehienetan horrela moldatua baldin bada, azken olerkietan badirela ere zenbait neurtitz laburragoetan: hirueko ezberdina edo kopla zaharra bi neurtitz laburrekin (n.9, 14) eta bereziki hamekakoa (n.10, 11); guti nahi bada, aski olerkigintzan hamabortzeko moldatzen baino zerbait gehiago bazakiela erakusteko.

Alde hortatik, aski argi dago Oihenarten xedea: nahi izan du ahal bezanbat aitzindaritik urrundu, ezpaitu behin ere erabili ez hamabortzekorik bertsu osoan, ez eta hamekakorik ere (dakigularik ohituenak direla olerkari jendetiarretan!).

Urrundu bai, osoki berexi ez: hirueko ezberdinaren neurtitz luzeak baditu hamalau silaba (bi neurtitz-erdiak berdin 7+7), bat gutiago bakarrik; hobeki, behin baino gehioagotan (IX, XI, XIV, XX, XXI, XXV) nahasi ditu, molde ezberdinetan, zortzi eta zazpiko neurtitzak, erran nahi baita Etxepareren hamabortzeko luzea erditik hautsi duela, oharturik errimaren beha bezala zagola hemiztikioa, eta ainitzetan bazirela han barneko errima edo asonanzak: molde iduriz erdi-bethegin hori, badiduri betheginerat ereman nahi izan duela.

Berezikiago ageri da XXIV-garrenean, zortziko zuzenean, zortzi eta zazpi silabak errimarekin batean aldizkatuz, beraz Eguiateguy-k zion Zaharraro-an, menturaz, neurkada zaharrerat bere gisan itzuliz.

Bainan, orokorki behatuz, Oihenarten neurtitzaren luzetasun zuzena guti gurutzatzen da Etxeparerenarekin (hunen Kontrapas-eko) laueko iduria dudazkoa baita: errepikatuz, zortzikoa!), laburrenetik hasiz: 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 12 eta 14, hau bakarrik kopla zaharrean, nahiz Oihenartek zion, huts eginez aldi huntan, errima bageko neurtitza zela hirugarren neurtitza, beraz zazpi silabako biga, hamalaueko baten orde!

Ez, etzen bere nahitan gelditu guk uste dugun bezain garaztarrari hurbil!

Nahia, gogo-argikoa, neurtitz labur egitera emana zuen, dudarik gutiena gabe.

3. Bertsuan (berak kobla edo kopla deitzen du), ikusi denaz, urruntasuna ttipitzen da, bereziki delako kopla zaharraren erabiltzetik.

Eta ere Oihenartek baititu laueko zenbait (VI, VIII, XVI, XXVII) nahiz neurtitzetan beti ezberdinak, beti errimak aldizkatuz, eta beti zuzenak, bortzeko, seiko eta zazpikorik nahasi gabe Etxeparek bezala (kantatzeko nola egin behar zen?).

Balaiteke menturaz hemen ere lehen begi ukaldiak ezterakutsan berdintasun edo bederen iduripen bat: Oihenartek, nahi izan ditu kantu molde zenbait bertsutan itxuratu, bere errepika ageriekin (I, XXV), edo bi neurtitz berex emanez (VII, XXIII), bainan bertsu guzietan.

Orduan orhoitarazten du Etxepareren hastapenetako diztikoaz; zer balio zuen? ala doinuaren emaitea? egiazko errepika?

Hau ezta argi Kontrapas-ean baizik; aski Oihenarten bildumarekin lotuaren egiteko (ikus errepikaz zer dion eskutitzean, op cit 215).

Jakinez, alta, hunek aitzinekoaren olerki egituraren ondoan (edo kampoan) zauden kantu ereduak, nahi izan dituela bertsuan berean, bertsuaren barnean eman.